5G sareak eta errealitate areagotua: efizientziaren eta segurtasunaren giltzak sektore elektrikoan

Distantzia handietara dauden instalazio elektrikoetan mantentze-lanak egiteko, eta, batez ere, sektore elektrikoan erabakigarriak diren zereginen segurtasuna indartzeko, urrutitik lan egin ahal izateko soluzioak garatu behar dira, efizientzia- eta segurtasun-parametroak erabiliz.

Ceit ikerketa-zentroa Basque Research & Technology Allianceko (BRTA) kide da, eta soluzio bat garatzeko lanean dihardu 5G Euskadi proiektuaren esparruan. Oinarria, berriz, errealitate areagotua da; hots, elementu grafiko birtualak bideo-irudietan gainjartzea. Teknologia horri esker, zeinean Ceitek ia 20 urteko esperientzia baitu, profesional tekniko batek milaka kilometrora dagoen beste langile bat gidatu ahalko du zeregin espezializatuak egitean, eta segurtasunez eta eraginkortasunez jardungo dute, fisikoki hara joan behar izan gabe. Hala, joan-etorrien kostuak murriztuko dira, zeregin erabakigarriak segurtasunez egingo dira, denbora gutxiago beharko da arazoak konpontzeko eta, osasun-krisiaren egoera honetan, kutsatzeko arriskua desagertuko da.

Soluzio hori eraginkortasunez hedatzeko asmoz, bere AvanSAT sistema baliozkotzen eta 5G sareetara egokitzen ari da orain Ceit. Sistema horren bitartez, langileei urrutitik laguntzen zaie, errealitate areagotua baliatuz. Sistemaren gaitasun guztiak esploratzea da helburua, eta, azken batean, soluzio bat eskaintzea, efizientzia eta segurtasuna hobetzeko sektore elektriko eta industrialean mantentze-lanak egin behar direnean.

Ceiteko Industria 4.0-rako sistema adimendunen taldeko buru Igone Vélezen hitzetan, 5G sareak bideratzen dituen teknologiak irudien kalitate optimoa ziurtatzen du bi langileen arteko komunikazioan, baita latentzia txikia ere. Eta, hain zuzen ere, baldintza horiek betetzea ezinbestekoa da horrelako zereginetan.

Konektagarritasun hobea eta kostu txikiagoak

Gaur egun, errealitate areagotuko bere soluzioak 5G sareetara egokitzen eta aplikazioak multi-access edge computing (MEC) zerbitzuan hedatzen ari da Ceit. MECek prozesamendu-gaitasun handia eta latentzia txikia dituenez, algoritmo konplexuak MECen bertan exekuta daitezke; eta, beraz, ez dago zertan exekutatu langileak daraman gailuan. Era horretan, errealitate areagotuko algoritmo aurreratuak erabil daitezke, bateriaren kontsumoa nabarmen handiagotu gabe. Hartara, arinagoak eta merkeagoak izaten dira.

Ceitek aurreikusten du pilotua 2022an inplementatu ahal izango duela, Iberdrolarekin eta Vicomtechekin batera, 5G Euskadi proiektuaren esparruan; zehazki, Iberdrolak Zamudion duen azpiestazio batean izango da, eta helburua da langileei laguntzea prozedurak eta zereginak seguruagoak izan daitezen.