5G teknologia trenera igo da

5G teknologia errealitatea da jadanik. Hedatzen hasia da, eta gehiago hedatuko da, pixkanaka. Datu-transmisioaren abiadura nabarmen handituko duela diote, eta oraindik imajinatu ere egiten ez ditugun zerbitzuak eta aukerak ekarriko dituela.

Ikusin, erabilera-kasu bat garatu dugu, eta trenen mantentze-lan aurreratuetan 5Gak eskaintzen dituen aukerak ikertu ditugu.

Badakigu zer aukera eskaintzen dituen gaur egungo teknologiak ingurune horretan. Trenen urruneko mantentze-lanetarako proiektu bat ondu dugu merkatuko tren-fabrikatzaile nagusietako batentzat. IoT Gateway edo plataforma bat ezarri dugu, datu-kantitate oso handietarako balio duena. Trenean bertan instalatzen da, eta segundoko 30.000 aldagai atzitzeko gai da, orduko 300 km egiten dituzten trenetan.

Ikusiren IoT Gateway edo plataformak jasotzen duen informazio guztia ia denbora errealean jasotzen du fabrikatzaileak bere kontrol-zentroan. Horri guztiari esker, beti daki zer egoeratan dituen trenak, eta aurrea hartu diezaieke gerta litezkeen akatsei. Hala, trenen erabilgarritasun-maila handitzen da, eta mantentze-lanen kostua murrizten.

Eta proiektua errealitatea da dagoeneko, martxan baitago. Orain, ikusi nahi dugu zenbateraino lagunduko digun 5Gak datu-transmisioaren abiadura handitzen, eta ea gai den denbora errealean egiteko, trenaren datuak jasotzearen eta datu horiek kontrol-zentrora iristearen artean batere latentziarik egon gabe.

5G + MEC

5G teknologiak zerbitzu gehiago ere ekarriko ditu, eta zerbitzu horiek haren ahalmenak handituko dituzte. Horregatik, 5G teknologiarekin batera MEC (Multi-access Edge Computing) erabiltzeak zer ekar dezakeen ikertzen ari gara, Izan ere, hari esker, datuak denbora errealean prozesa daitezke 5G azpiegituran bertan.

Helburua da banda-zabaleraren, latentziaren eta edge-ko konputazioaren —hots, datuak sortu diren tokitik ahalik eta hurbilen prozesatzearen— ahalmenak ahalik eta gehien aprobetxatzea, datuak prozesatzeko ahalmena eta abiadura handitzeko, eta kostuak txikitzeko.

Ingurune teknologiko horrek, zeinak konektagarritasuna nabarmen hobetuko baitu, treneko sistema guztien portaera denbora errealean ezagutzen lagunduko digu, bai eta martxan dagoen flota osoarena ere. Milaka datu atzitu eta prozesatu, eta analisi deskribatzaileak nahiz prediktiboak egingo dira, eta, horri esker, berehala esku hartzeko alarmak sortu ahal izango dira. 

Baina ez da hori ikuspegi digitala trenen arlora ekartzearen abantaila bakarra. Besteak, beste, planifikatu gabeko geldialdi gutxiago egin beharko dira matxurengatik, konponketetarako eta mantentze-lanetarako geldialdiak hobeto planifikatu ahal izango dira, konponketa eta ikuskapenetarako denbora gutxiago beharko da, eta trenen bizi-ziklo osoan etengabeko hobekuntzak egin ahal izango dira.