Ikusik tren-sektorean duen kokapena sendotu du 5G teknologiari esker

2020ko irailaren 29a Ikusi, negozioen eraldaketa digitalerako enpresa espezialista, gero eta sendoago ari da kokatzen tren-sektorean; izan ere, bere negozioaren % 36 da dagoeneko sektore hori Estatu osoan. 5G teknologiaren bidez lortu du hori, eta horixe ari da probatzen orain, hain zuzen ere, trenen mantentze-lan aurreratuan.

Konpainiak 5G Euskadi proiektuan parte hartzen du, gure lurraldeko lehenengo 5G proiektu pilotuan, eta euskal enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala sustatzea du helburu proiektuak. Proiektu horretan, Ikusik aztertzen du 5G teknologiak zer onura dakartzan, beste teknologia zaharragoekin alderatuz, banda-zabalerari, latentziari eta konputazioari dagokienez. Azterketari esker, hobeto ezagutuko du nola jokatzen duten denbora errealean tren baten sistema guztiek, bai eta martxan dauden tren guztien sistemek ere.

Trenen funtzionamenduan ikuspegi digitala sartzeak laguntzen du, besteak beste, matxuren ondoriozko geldialdiak murrizten, mantentze-lanen plangintza hobetzen, trenak konpontzeko eta ikuskatzeko denbora murrizten eta etengabeko hobekuntza sustatzen trenen bizitza-zikloan.

5G Euskadi proiektuan parte hartzeak aukera emango dio Ikusiri erantzunik aurreratuena emateko bere bezeroen beharrei, orain arte bezala. Esate baterako, 4G teknologia aplikatu du Talgo enpresan, eta haren trenen mantentze-lanak urrutitik egiteko proiektu bat garatu du, Talgo konpainiaren eraldaketa digitala ekarri duena.

Zehazki, Gauzen Interneten oinarritutako programa bat aplikatu du Ikusik. Datu-atzitze masiboaren bidez, segundoko 30.000 aldagai hartu ditu aintzat 300 km/h-ko abiaduran dabiltzan trenetan, eta datu-analitika aplikatu du, analisi deskriptiboaren eta prediktiboaren bidez. Horri guztiari esker, Talgok beti daki zer egoeratan dituen trenak, eta aurrea hartu diezaieke gerta litezkeen akatsei. Hala, trenen erabilgarritasun-maila handitzen da, eta mantentze-lanen kostua murrizten.

Orain, 5G Euskadi proiektuan parte hartzeak emango dion ezagutzari eta haren bidez egingo dituen urratsei esker, 4G teknologia eta lehenagokoak baliatuz egindako proiektuen irismena zabaltzea espero du Ikusik.

Ikusiri buruz

Ikusi, Velatia taldeko enpresa, negozioen eraldaketa digitalerako integrazio, ingeniaritza eta garapen teknologikoko zerbitzuen espezialista da. Bezeroekin batera lan egiten du, haien negozioen berezitasunak ulertzeko, eta, ezagutza hori oinarri harturik, eboluzionatzen laguntzen die negozioei, teknologiaren eta hari lotutako zerbitzu guztien ahalmena baliatuz. Ikusik Mexikon, Espainian, Kolonbian, Txilen eta Perun dihardu, kualifikazio-maila handiko 700 langilerekin, eta lan konplexuak samur bihurtzen ditu.