13 euskal enpresa eta erakundek osatutako partzuergo batek probatuko du 5G teknologia Euskadin

  • Ekimen bateratuan partaide izango dira zenbait telekomunikazio-operadore, hala nola Euskaltel, R, Orange eta Grupo MASMOVIL, eta bestelako konpainiak: Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, ZTE, Dbus, Datik (Irizar taldea), CEIT eta Vicomtech.
  • “5G Euskadi” proiektuak laguntzaile ditu Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Donostiako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala.
  • Inbertsioa 7,1 milioi eurokoa da; Red.es-ek 2,2 milioi euroko diru-laguntza eman du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura.
  • Proiektu pilotua Red Colmenak (Promotora de Redes Compartidas, SA) diseinatu eta kudeatu du, eta partzuergoaren kudeaketa Euskalteli dagokio.

2020ko abuztuaren 4an. “5G Euskadi” proiektuari adjudikatu diote teknologia berri hori garatzeko eta ezartzeko Espainiako Gobernuaren laguntza-programa. Euskadiko lehen 5G proiektu pilotua da, eta Euskadiko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala sustatzeko konpromisotik sortu da.

Proiektu hau 13 bazkideko partzuergo batek eratu du. Bazkideak ekosistema zabal batekoak dira, haien artean baitira telekomunikazioetako operadoreak, sareko ekipamenduen hornitzaileak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, erakunde publikoak eta enpresa pribatuak: Euskaltel, R, Orange, Grupo MASMOVIL, ZTE España, ZTE Managed Services, Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, Dbus (Donostiako Udala), Datik (Irizar taldea), CEIT eta Vicomtech. Enpresa horiek, gainera, lankidetza-hitzarmenak egin dituzte Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia, Tecnun (Universidad de Navarra) eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Horretaz gain, proiektuak euskal administrazio publikoaren laguntza du: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Donostiako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala.

Azpimarratzekoa da, halaber, proiektu pilotua Red Colmenak (Promotora de Redes Compartidas, SA) diseinatu eta kudeatu duela, eta partzuergoaren kudeaketa Euskalteli dagokiola.

Proiektua Red.es-eko Administrazio Kontseiluan onetsia da (Ekonomia eta Enpresa Ministerioko erakunde bat da Red.es), eta 30 hilabeteko iraupena izango du. Inbertsioa 7,1 milioi eurokoa da; Red.es-ek 2,2 milioi euroko diru-laguntza eman du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura.

Baterako ekimen honen bidez, 5G sare bat zabalduko da Euskadiko hiru teknologia-parkeetan (Gipuzkoa, Bizkaia, Araba) eta Abadiñon. Horretarako erabiliko da aurrekontuaren % 65. Gainerakoa 9 erabilera-kasu garatzeko erabiliko da. Zehazki, erabilera-kasu horiek produktu eta zerbitzuak merkaturatu aurreko garapenera bideratuta daude, mugikortasunaren, energiaren, industriaren, zibersegurtasunaren eta sare-zerbitzuen arloetan. Horretarako, azken belaunaldiko 5G teknologiarekin esperimentatuko da (Edge computing, Network slicing eta Sarearen birtualizazioa), eta testatuko da 5G-ak zer ahalmen eskaintzen dituen abiaduran (4G-a baino 20 aldiz azkarrago), latentzian (4G-ak baino 100 aldiz latentzia gutxiago) eta IoT masikoan (4G-arekin baino 100 aldiz gailu gehiago konektaturik km2 bakoitzeko).

5G teknologiaren garapena Espainian

“5G Euskadi” proiektua 5G sareen etorkizuneko garapenari eta lurraldearen garapen sozial eta ekonomikorako duten garrantziari buruzko hausnarketatik sortu zen, kontuan harturik teknologia hori aplikatuko dela mugikortasunaren, energiaren, industriaren eta zibersegurtasunaren arloetan. Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren mendeko Red.es erakunde publikoaren programaren 2. deialdiaren parte da.

5G Plan Nazionalaren eta Lurralde Adimendunen Plan Nazionalaren esparruan egindako 5G pilotuen deialdien bidez, Gobernuak eskaera goiztiar bat sustatu nahi du, zeinak 5G-aren ahalmenekin esperimentatzeko bide emango baitu eta ekosistemen garapena sustatuko baitu operadoreen, teknologia- eta soluzio-hornitzaileen eta inplikatutako gainerako eragileen artean.

Lortutako esperientziari esker, Espainia teknologia berri horren garapenean aurreratuenen artean kokatuko da. Hala, sustatzen da 5G-ak bere heldutasun teknologikoa eta komertziala lortzen duenean herrialdea prest egon dadin zerbitzuak egoki emateko eta ahalik eta gehien aprobetxa ditzan teknologia horren aukerak, funtsezko teknologia izango baita, datorren hamarkadan, herrialde aurreratuenetan gizartea eta ekonomia digitalki eraldatzeko.

Onetsitako proiektuek hiru helburu dituzte: teknologia horrek ahalbidetzen dituen 5G sareen lehen hedapenak eta sarea kudeatzeko teknikak esperimentatzea, eta erabilera-kasuak garatzea eragile guztien inplikazioarekin, erabiltzaileak barne.

Euskaltel – Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com