5G-aren onena iristear dago: orain arte ikusitakoa baino askoz baliotsuagoa izango da

Egilea:

Alberto Horcajo Red Colmenaren sortzaila

Joan den abenduan, 5G teknologia bidezko hurrengo irrati-bertsioaren (17.aren) argitalpena 2022ko martxoa baino geroagorako atzeratzea erabaki zuen 3GPP elkarteak (orduan argitaratzea aurreikusten zen) . 3GPP elkarteak ezartzen ditu telefonia mugikorraren estandar teknikoak espezifikazio-prozesu zorrotz, zehatz eta landuen bitartez, eta pandemiak eragindako mugen ondorioz bere lana egiteko zituen zailtasun logistikoengatik hartu zuen erabaki hori, neurri handi batean.

Aurreko bertsioa, zeina iazko ekainean osatu eta onetsi baitzen, “5Gko hasierako sistema oso” gisa hartzen da, eta oraingoz teknologia hori probatu baino ez dute egin, 4G-arekin batera, hedapen handiena duen herrialdeetako operadoreek (Txina, Hego Korea, Japonia eta Estatu Batuak). Toki horietan, bezero-esperientzia etsigarria izan da; noizean behin baino ez da izan hobea, eta, batzuetan, motelagoa izan da kokapen berean, Interneten abiadura neurtzeko dauden doako aplikazioen bitartez ikusi dutenez. Bestalde, herrialde horietan hasieran 5Grako erabili den maiztasuna baxua da, estaldura zabalekoa baina ahalmen txikikoa (1 GHz-etik beherako bandak), eta, aitzitik, kasu hautatu bakar batzuetan eta zuntz optikoa iristen ez den tokietako banda zabaleko irtenbideetarako, oso estaldura mugatukoa (wifiaren parekoa) baina emari handikoa (26-28 GHz); beraz, ezinezkoa da errendimendu optimo eta bereizgarri bat eskaintzea, eskariak behera egiten du, eta, ondorioz, ez da sortzen 5G-arekin erlazionatutako ustezko diru-sarrera gehigarririk, horretarako potentziala izan arren.

Testuinguru horretan, espektroaren enkanteak itzuli dira, eta, Estatu Batuetan –non espektro erabilgarria betiko eskuratzen baita– maiztasun ertainetarako (2,5-3,8 GHz) egiten ari diren lizitazioetako lehenengo itzulien emaitzetan oinarrituta, operadoreei gastu izugarriak ekarriko dizkiete, eta uste baino diru-bilketa askoz handiagoak; beharbada, 70.000 milioi euro baino gehiago (hau da, ia Telefónicak 2020aren amaieran izandako burtsa-kapitaliazioa bider lau). Espektro txikia izateak eta interes-tasen maila historikoki baxuak azalduko lukete hori, ustiatzeko aldi luzeak dituzten aktiboen kostua asko murrizten baitute.

Espainian 2018ko uztailean hogei urterako egin ziren 200 MHz-eko banda ertainen (3,6-3,8GHZ) enkanteek, espektroaren erreserbagatiko tasa barne hartuta, Altxor Publikoari 1.410 milioi euro baino gehixeago ekarri zizkioten. Administrazio publikoa eta operadoreak nahiko pozik geratu ziren; izan ere, oraindik martxan dauden teknologietarako erabiltzen diren banda oso eraginkorrak ere erabili ahal izango dituzte 5G berrirako.

Gaur egun gure herrialdean dagoen 5Gko eskaintzak jada erabiltzen ditu banda horiek, baina ekipamenduen eta lehen adierazitako irratiaren 16. bertsioaren eskakizunen interoperabilitatea ez denez gauzatu oraindik, ez da lortu atzerapena 90 milisegundotik (ms) 1 ms-ra murriztea –5G-an ia ez litzateke igarri ere egin beharko, 10 Gb/s inguruko gehienezko abiadura baitu zuntz optikoko etxeetako sarbide gehienena baino askoz handiagoa–, ez eta seinalearen jarraitutasuna eta 5G bereizgarri egin behar duen gailuen dentsitate potentziala ere. Horrek bidea ireki beharko lieke proiektu pilotu batzuetan esperimentalki probatzen ari diren erabilera batzuei, hala nola: edukien deskarga masiboak mugikortasunean; jarraibideetarako datuak atzitu, prozesatu eta kudeatzea; automaten doitasunezko urrutiko kontrolak; eta horietatik eratorritako funtzionaltasun ugari. Pandemiak eragindako etenarekin batera –besteak beste, eragin nabarmena izan du 3GPPko espezifikazio-lanen atzerapenarekin, zeinek, paradoxikoki, gutxieneko bilera presentzial batzuk behar baitituzte– , eta, beharbada horregatik, operadoreek oso modu apalean egin dute 5G zerbitzu berrien sustapen komertziala: oso modu zuhurrean iragarri dute estaldura erabilgarria, eta 5G teknologia ez dute erabili lehiakortasunerako elementu bereizgarri gisa. 2020an kuota handiena lortu duten operadoreetako batzuek beste inoren sare mugikorrak erabiltzen dituzte, eta, horrenbestez, bere anfitrioien –eta, aldi berean, lehiakideen– hedapen-planen mende daude.

Hedapen arinagoak

Duela gutxi zerbitzu mugikorren operadore nagusiek (Deutsche Telekom, Orange, Telefónica eta Vodafone) iragarri dute “europar estilora” hurbilduko direla “Open RAN”era; hori dela eta, 5G autonomoa (“stand-alone” ingelesez) modu arin eta merkeagoan hedatu ahal izango da konektagarritasun mugikorraren eskari zehatzei erantzuteko. Eta, beharbada, ekipamendu-fabrikatzaile integratuekiko dagoen mendekotasuna (Ericsson, Nokia, Huawei, Samsung) hodeiko baliabide-operadore handiekiko (TIP) mendekotasunarekin ordeztuko da, haien elementu tekniko fisiko eta logikoak homologatzeko aukera dagoenean. Dagoeneko ikusten da lehia potentzial bat operadoreek proposatutako sarbide-sare mugikor irekiaren ikuspegiaren (“ORA”) eta Interneteko konputazio-zerbitzuen hornitzaile handiek proposatutakoaren (“ONF”) artean. Azken proposamen hori bideoko, audioko eta bat-bateko mezularitzako komunikazio mugikorren aplikazioak erabiltzeko beharrezko baliabideen erabilera optimizatzera bideratuta dago, eta ia bazterrean uzten ditu operadoreak.

Bestalde, Espainian, urte honetako lehenengo hiruhilekoan, 700 MHz-eko bandaren inguruko zortzi maiztasun-blokeren lehiaketa egitea aurreikusten da. Banda hori TDTak hartzen zuen orain arte, altxor publikoaren bigarren “dibidendu digital” gisa. Nolabaiteko kezka eragin du horrek operadoreen artean. Izan ere, estatuko aurrekontu orokorretan 2.100 milioi jasotzea aurreikusten zen, eta hogei urterako hasierako balio gisa aurreikuspen horren % 55etik gorako balio bat ezarri zen, esleipena egiteko unean ordainketa bakarrean ordaintzekoa. Banda baxu hori bereziki interesgarria da hiritartze gutxieneko inguruneetarako eta barruko espazioetan hedatzeko; hala, bereziki erakargarria da estaldura oso bat lortzeko.

Teknologia makinen esku

Ikus-entzuleek dakiten moduan, 5G-arekin, Internet batez ere makinena eta makinentzat izango da, baita ahots- eta irudi-deiak kudeatzen dituztenentzat ere, milaka milioi erabiltzaile dituzten aplikazioak erabilita (hala nola WhatsApp, Skype edo Google Meet). Internetera 5G-arekin konektatutako makinek, beren zeregina betetzeko, hurbileko instantzia bat behar dute datuak igortzeko, han prozesatzeko eta gero handik jasotzeko. Horretarako, norberaren ordenagailuan edo hurbileko zerbitzari batean (edukien banaketa-sare edo ingelesez CDN deritzenak konfiguratuz) kontsumo pertsonalerako datuak eta edukiak kopiatzearen antzeko prozesu bat erabiltzen da. Prozesu horri “ertzetako konputazio” esaten zaio, datuak prozesatzeko datu-zentro handien aurkakoa delako. Zentro handi horietan, kalkulu- eta biltegiratze-baliabideen kopuru ikaragarriak biltzen dira, eta Interneteko plataforma handietara salto egiteko tranpolinak (cloud ramps) dira.

Hala ere, hurbileko konputazio hori informazio-biltegi handiekin lotuta dago, logikoa denez, eta datuak tratatzeko programa berezietarako eta segurtasun-tresnetarako sarbidea eta eskalaren abantailak baliatzen ditu. Horiei esker, “ertzetan” dauden zerbitzarien memoriak modu selektibo eta eraginkorrean eguneratzen dira. Hori negozio-aukera garrantzitsua da hodei publikoen kudeatzaile nagusientzat (hala nola, Amazon, Microsoft eta Google). Hain zuzen, haiek, ekipoen fabrikatzaileak eta kokalekuen kudeatzaileak ahalik eta azkarren ari dira sortzen 5G-ak ematen dituen aukerez baliatzeko oinarrizko azpiegitura. Agertoki berri horretan, bigarren mailan geratzen dira operadoreak, eta, Lightreadingeko Iain Morrisek esaten duen moduan, haiek Interneteko erraldoiekin egiten dituzten akordioek gero eta antz handiagoa dute Erdi Aroko jaun feudalen eta haien mendekoen arteko mendekotasun-harremanarekin: azken horiek lehenenesku uzten dituzte beren plataforma teknologikoak eta baliabide guztiak.

5G-aren erabilera guztiz operatiboa egiteko ahaleginak bi ardatz nagusi ditu: batetik, datu pertsonalen segurtasuna, eta, bestetik, sistemen zaurgarritasunik ezaren bermea. Izan ere, 5G teknologiaren ekipamenduek eta kudeaketa-programek integritate-maila handiagoa dute gaur egungo teknologiak baino. 5G teknologiak errealitate birtual eta areagotua eta adimen artifiziala erabiltzen ditu diagnostiko zehatzak egiteko, erabakiak optimizatzeko eta bizitza-kalitate hobea izaten lagunduko duten eta energia gutxiago kontsumituko duten prototipoei forma emateko. Hain zuzen, horixe da teknologia mugikor berriaren eraginkortasun-bereizgarri nagusietako bat, eta bat dator 5G sareetarako UITk emandako goi-mailako eskakizunekin (IMT-2020) (Interneten ikus daitezke).

2021. urtearen hasiera honetan, kontsumitzaileek ez dute pisuzko arrazoirik 5G teknologiara aldatu nahi izateko. Horrekin lotuta doa Facebooken arabera 1.400 milioi pertsonak WhatsApp bidez ahots-deiak edo bideo-deiak egin izana Urtezahar egunean; modu horretan ase zituzten beren komunikazio-beharrak. Izan ere, oraindik ez dago teknologia berriarekin bakarrik erabil daitekeen eta mugikortasunarekin bateragarria den aplikaziorik. Barrurako, haririk gabeko gailu gero eta gehiago dira bateragarriak Wifi 6arekin, eta wifi horren errendimendua 5Garekin aurreikusten diren abiadura azkarrenen parekoa da, eta askoz ere kostu txikiagoarekin. Agian, terminalak merkatzeak (iPhonearen kasuan, adibidez, oso nabarmena da) 5Gra aldatzera animatuko ditu kontsumitzaileak, Ed Cropleyk abenduaren 23an Breakingviews-en adierazi zuen moduan, baina ezin dugu ziurtatu ziurgabetasun ekonomikoko egoera honetan kontsumitzaileek aukerako gastuak egin nahi izango dituztenik, erabilera-esperientzia hobea bermatzen ez bazaie.

MWC kongresuaren zain

2020an ez zen egin Moblie World Congress (MWC), pandemiari lotutako alarma-egoera zela eta, eta 2021eko ekainaren amaieran egitea aurreikusten da. Hala, kasurik onenean, teknologia mugikorraren erakusleiho nagusiak ezingo ditu bere berrikuntzak erakutsi, eta digu aukerarik emango telekomunikazio mugikorren ekosistemaren etorkizunera hurbiltzeko. Sustapen-palanka garrantzitsua galduko du, beraz. 5G-a hedatutakoan, teknologia sendoa eta banatua izango dugu, zaurgarritasun txikiagokoa eta bezeroengandik hurbilago dagoena; malguagoa, eta, beraz, hobeto prestatua gailu gehiago konektatzeak ekarriko duen datu mugikorren hazkunde handia kudeatzeko; jasangarriagoa, gaur egun ekipamenduei lotuta dauden sare-funtzioak sinplifikatu eta birtualizatu egingo baitira (nolabait, komunikazio-sare fisikoak eta logikoak bereiziko dira). Horri esker, baliabide tekniko berak erabili ahal izango dira zerbitzu-maila desberdinetarako, bai arlo publikoan, bai pertsonalean eta bai bietatik dutenetan.

Litekeena da 5G teknologiari emango zaion bultzada bakarra teknologia hori ezartzeko eta hedatzeko Espainiako gobernuak emateko asmoa duen laguntzak izatea, zeinak gobernuak España Digital 2025 planean jasotako eraldaketa digitaleko laguntzen barruan baitaude. Bultzada hori gabe, ez genuke 5G-rik izango Espainian, eta, hedaduraz, ezta Europan ere. Analysys Mason/ETNO azterketaren emaitzen arabera, zeinak urtarrilaren 29ko Financial Timesen argitaratu baitziren, Espainian pertsonako 94,8 euroko inbertsioa egin da 5G teknologian (pertsonako 147,9€ euro Estatu Batuetan, eta 233 euro Japonian). 2021eko estatuko aurrekontuetan, 300 milioiko diru-partida bat du gobernuak 5G-an inbertitzeko, eta, 2021-23 aldirako, 1.500 milioi euroko inbertsioa egitera iritsi beharko luke. Dena den, Europar Batasunaren berreskuratze eta erresilientziarako mekanismoaren funtsak (ingelesez “Next Generation EU”) jasotzearen mende egongo da inbertsio hori. Funts horien zati handi bat makinen konektagarritasuna hobetzeko berariazko azpiegitura bat osatzera bideratuko da, seguru asko (hots, Gauzen Internet esaten diogun horretara).

Hemen argitaratu da artikulu hau: https://www.eleconomista.es/firmas/noticias/11034066/02/21/Lo-mejor-del-5G-aun-esta-por-llegar-sera-mucho-mas-valioso-de-lo-visto-hasta-ahora.html