Ibilgailu konektatuak: 5G-k eta IoT-k ibilgailuen industrian izango duten eragina

Hurrengo erosten duzun auto berria ez da autonomoa izango, IoT gailu mugikor bat izango da, ingurukoa atzeman eta lainoan oinarritutako plataformekin komunikatzen dena.

Litekeena da auto autonomoen (eta beste ibilgailu batzuen, kamioiak, adibidez) erabilera orokortzeko urte batzuk itxaron behar izatea, baina konektatutako autoak gure artean daude jada. Gauzen Interneta duen gailu mugikor bilakatzen ari da auto modernoa: sentsorez betea, gaitasun informatiko nabarmenarekin eta hiru eremu zabaletarako komunikazio-sistemarekin. Hauek dira eremu horiek: lehena, ibilgailuaren kokapena, gidariaren portaera, motorraren diagnostikoa eta ibilgailuaren jarduera (telematika); bigarrena, ingurunea (ibilgailutik gainerakora edo V2X komunikazioa); eta, hirugarrena, ibilgailuko bidaiariak (entretenimendua). Sistema horiek guztiek mugikorren teknologia eta, gero eta maizago, 5G teknologia erabiltzen dute, besteak beste.

Argi dagoenez, automobilgintzako agenteak lanean ari dira 5G bidez konektatutako IoT soluzioen hazkuntza azkarrerako prestatzeko. Hala irizten du Gartner analisi-enpresak. Hark 2019ko urrian aurresan zuen 2023rako automobil-industria izango zela 5G IoT soluzioetarako merkatu-aukerarik handiena; 5G IoT terminalen merkatuko osoko % 53 hartuko luke urte horretan.

Gartner-ek aurresaten duenez, 5G IoT terminalen oinarri instalatua 14 aldiz biderkatuko da datozen hiru urteetan, 2020ko 3,5 milioi unitateetatik 2023ko 48,6 milioi unitateetara arte. 2020an, kanpoko zaintza-kamerek hartuko dute merkatuko zatirik handiena (2,5 milioi unitate, merkatuan % 70eko parte-hartzea), baina 2023rako ibilgailu-soluzioak nagusituko zaizkie.

Ibilgailuak gero eta konektatuago daudenez, gero eta datu gehiago sortzen eta lantzen dira. Hori dela eta, software-enpresek eta hodeiko hornitzaileek gero eta gehiago parte hartzen dute automobilgintzan. Microsoft da merkatuko liderra ibilgailu konektatuen plataformarekin (MCVP). Ibilgailuak mugikortasun-zerbitzuekin konektatzen dituen eta hodeian oinarrituta dagoen soluzio bakarrean integratzen ditu MCVP plataformak IoT-ren teknologia, segurtasuna, konektagarritasuna eta Microsoft-en ertzeko konputazioa (edge computing). Ibilgailuaren sentsoreko telemetria Azure-n ostatatutako datu-laku baterantz bideratzen da. Haren bidez OEM-ek —besteak beste, Volkswagen eta Renault-Nissan-Mitsubishi— haien soluzio propioak sor ditzakete, Azure-ren analisi-gaitasunak aprobetxatuta. Automobilgintzan Microsoft-ek duen lehiakiderik handiena BlackBerry-ren QNX plataforma da. 2019ko ekainean, 150 milioi ibilgailutan integratuta zegoela zenbatetsi zen. CES 2020 ekitaldian, QNX eta Amazon Web Services (AWS) zerbitzuen arteko aliantza iragarri zuen BlackBerryk.

Zer inpaktu izan dezake eraldaketa digital honek automobilgintzan? 2016an, McKinsey analisi-enpresak zenbatetsi zuenez, mugikortasunak eta datuetan oinarritutako zerbitzuek (mugikortasun partekatua, aplikazioak, nabigazioa, aisialdia, urruneko zerbitzuak, softwarearen eguneratzeak) 1.500 milioi dolarreko diru-sarrerak sortzeko aukera zuten 2030ean, edo, bestela esanda, % 30eko igoera izan zezaketen 2016ko kopuruarekin alderatuta.

2009az geroztik ari gara Datik-en mugikortasunerako zerbitzuak garatzen. Bidaiarien garraio kolektibora bideratuta daude zerbitzuok, eta mugikortasuna jasangarriagoa, errentagarriagoa eta kalitate hobeagokoa izatea dute helburu. Datik-en hodeiko iPanel plataformak autobus-floten operadoreei hainbat zerbitzu eskaintzen dizkiete; besteak beste, puntualtasunaren planifikazioa eta kalkulua, bidaiariei informazioa ematea, igorpen gutxiago lortzea eta autobusaren elementu gakoak (motorra, bateriak edo klima) urrunetik diagnostikatzea. Zehazki, 5G Euskadi proiektua probatarako eremu ezin hobea da multimedia-edukiak kudeatzeko eta banatzeko garaian 5G teknologiak dituen onurak erakusteko, bai bidaiarien entretenimendurako denean, bai publizitatea zabaltzeko erabiltzen denean. Hurrengo erosten duzun auto berria ez da autonomoa izango, IoT gailu mugikor bat izango da, hainbat sentsore dituena, elektrikoa ziurrenez eta 5G konektagarritasunarekin, ingurukoa atzeman eta lainoan oinarritutako plataformekin komunikatzen dena. Horri esker, modelo komertzial berriak agertuko dira automobilgintzan, errepidearen eta trafikoaren baldintzei buruzko informazio gehiago emango diote gidariari, eta ibilgailua gidatzen lagunduko diote. Horri esker, trafikoaren fluxu hobea eta istripu gutxiago izatea espero da. Bidaiariek, gainera, informatzeko eta entretenimendurako sistema hobeetarako sarbidea izango dute, eta, horri esker, litekeena da “zenbat falta da?” galdera entzun beharrean “asko falta da, ezta?” entzuten hastea