Elektrizitate-konpainiak, erabiltzaile izatetik 5G-a hedatzera

Gaur egungo energia-trantsizioko prozesuak gero eta elektrifikazio handiagoa dakar sektore ekonomiko batzuetan. Sare elektrikoen digitalizazioa funtsezkoa da trantsizio energetiko hori gauzatzeko, eta sarearen interkonexio osoa ahalbidetzen du, elektrizitatearen erabilera berrien ezaugarrietara egokitutako kudeaketa egiteko.

5G sareek erabiltzaileen telekomunikazio-behar zorrotzenei erantzungo diete, hala nola elektrizitate-konpainien beharrei, eta elektrizitate-konpainiek beren sareak digitalizatzeko beharra dute.

Digitalizazio horrek erabilgarritasun, fidagarritasun eta erresilientzia handiko telekomunikazio-zerbitzuak behar ditu, latentzia txikia (sareak sartutako atzerapenen batura txikia izatea) eta zibersegurtasun-irizpide sendoak, zerbitzuak denbora errealean eman ahal izateko. Zerbitzu hauek, adibidez:

  • Azpiestazio elektrikoetako eta transformazio-zentroetako ekipamendu elektrikoen urrutiko kontrola, sare elektrikoa modu zentralizatuan erabili ahal izateko.
  • Linea elektrikoaren urrutiko babesa, linea baten mutur batetik bestera akats bat gertatu dela transmititzeko, eta linea hori modu eraginkorrean isolatu ahal izateko, arazoak sare osora heda ez daitezen.

5G-a sare publikoak nahiz erabilera pribatuko maiztasunak erabilita heda daiteke. Bi kasuetan, 5G-a hedatzeak zerbitzu oso interesgarriak ekarriko ditu kanpoan dauden ekipamenduen konfigurazioa, konponketak eta mantentze-lanak eraginkortasun handiagoarekin egiteko. Horretarako, errealitate areagotuko sistemak erabiliko ditu, eta aditu batek esango die urrutitik nola egin lanak. Eta horrek, noski, kostuak aurreztea dakar.

Telekomunikazio-behar horiek elektrizitate-konpainien azpiegituretan sortzen dira, eta azpiegitura horiek ezaugarri jakin batzuk dituzte:

  • Azpiestazio elektrikoak: hirigune handietatik urrun egoten dira askotan.
  • Transformazio-zentroak: eremu konfinatuetan egoten dira, lur gainean nahiz lur azpian.

Normalean sare komertzialak hedatzen ez diren eremu horietan 5G-a hedatzea aukera bat da elektrizitate-konpainientzat: berek hedatu dezakete 5G-a leku horietan (joan-etorritik urrun dauden eremuetan, landa-eremuetan, lurperatutako eremuetan, etab.), beren interesetarako, eta, gainera, errentagarria izan daiteke operadoreentzat, estaldura handitzeko mekanismo gisa, neurrizko inbertsio baten bidez. Operadoreen eta elektrizitate-konpainien arteko sinbiosi hori lagungarri izan daiteke 5G-a urruneko tokietan hedatzeko. Hain zuzen, 5G-a errealitate bihurtzeko lanean ari da jada Iberdrola.