5G TEKNOLOGIA, GARRAIO PUBLIKOAN BIDE BERRIAK IREKITZEN

5G teknologia mugikortasunari aplikatuta, garraio publiko eraginkor eta erakargarriagoa egiteko aukera berriak eta berritzaileak sortzen dira. Teknologiaren garapenari esker, ibilgailuen eta sistema zentralen arteko barne-konexioak hobetzeaz gain, erabiltzaileek aisialdi-esperientzia hobea izatea lortu nahi da.

Hain zuzen, teknologia hori mugikortasunari, eta, zehazkiago, autobus bidezko garraioari aplikatzen zaion lehen proiektuetako bat da 5G Euskadi proiektua. Hala egiaztatu du ATUCek (Hiriko garraio kolektiboen enpresa kudeatzaileen elkarteak, Asociación de Empresas Gestoras de los Transportes Urbanos Colectivos). Elkarte horren kide da Dbus, Donostiako hiriko garraioaz arduratzen den enpresa, estatuko garraio-operadore nagusiekin batera. ATUCek antolatutako jardunaldi monografikoan, garraio publikoan 5G-a ezartzeak sortzen dituen kezkak azaldu dituzte operadoreek, baita teknologia berriarekin sortzen diren aukerak aipatu ere.

Garraio-enpresak, batez ere trenbide-sistemetakoak, hasi dira teknologia horrek izan ditzakeen aplikazioak aztertzen. Ibilgailuen eta informazio-sistemen arteko denbora errealeko konektagarritasunean jarri dute arreta. Izan ere, haren bidez bizkortu egingo dira, besteak beste, ibilgailuetako bideo-zaintzako kamerak denbora errealean ikusteko aukera, garraio-txartelen kargatzeak ordaintzeko eta aktibatzeko prozesua eta zerbitzu bakoitzeko bidaiarien kontaketa. Halaber, publizitate-sistema ere hobetuko da.

Madrilen eta Bartzelonan proiektu pilotuetan lanean ari dira jada, eta Tenerife, Oviedo, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon eta Kataluniako beste hiri batzuetako operadoreek antzekoak egiteko asmoa dute aurrerago.

Bidaiarien garraioaren sektoreak itxaropen handia du jarria 5G teknologian, eta sinesten du, espero bezala, abiadura handiagoa, datu-bolumen handiagoa, estaldura globala, segurtasuna, latentziaren murrizketa, konexio hobea, berehalakotasuna eta edukiak bereizmen handian emateko aukera eskainiko dituela.

Mugikortasunari aplikatutako 5G teknologia Donostian

Dbus-ek 5G Euskadi proiektuan izango duen parte-hartzea dela eta, nabarmentzekoa da garraio-operadore bat honelako proiektu batean sartzen den lehen aldietako bat dela.  Hiriko autobus-linea nagusietako bitan (Miramongo zerbitzua ematen duten 17-Gros-Amara-Miramon eta 18-Amara-Ospitaleak lineetan) 5G teknologia probatuko du, aztertzen ari diren hiru alderdi hauei dagokienez:

  • Bideo-zaintza sistema. Dbus-eko autobusek kamerak dituzte erabiltzaileen eta autobus-gidariaren segurtasuna bermatzeko. Kasu honetan, teknologia erabiliko da segurtasun-kameretako bereizmen handiko irudiak prozesamendu-zentrora denbora errealean transmititzeko.
  • Autobus barruan wifi-konexioa hobetzea. Dbus-eko autobusek wifi-konexioa eskaintzen diete erabiltzaileei. 4G sare bat du oinarri konexioak, eta, beraz, konexioaren erabilera mugatua da erabiltzaile bat baino gehiago aldi berean konektatzen direnean. Proiektu honetan, probak egingo dira 5G konexioa erabiliz, erabiltzailearen esperientzia hobetzeko.
  • Ibilgailuen mantentze-lanak. Autobusaren mantentze-lanak hobetzen laguntzen du autobusaren hainbat parametroren jarraipena egiteko 5G sarea erabiltzeak.

5G Euskadi proiektua

Dbus-ekin batera, proiektuan bazkide hauek parte hartzen dute: Euskaltel, R, Orange, MásMóvil, ZTE, Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, Datik (Irizar taldea), CEIT eta Vicomtech. Gainera, erakunde hauekin sinatu dituzte lankidetza-hitzarmenak: Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Proiektuak erakunde hauen laguntza instituzionala ere badu: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala.

Proiektuak 30 hilabete iraungo du, eta 7,1 milioi euroko aurrekontua izango du guztira. Dbus-en aurrekontua 338.316 eurokoa izango da, eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioak finantzatuko du eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatuko da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura.