5G sarea hedatzea sektore elektrikoan

Erabilera-kasu honetan, 5G sareari lotutako energia-sektorearen zeregina bi ikuspegitatik aztertzen da: 5G zerbitzuen erabiltzaile gisa eta 5G teknologiaren bideratzaile gisa, estaldura handitzeko.

Enpresa elektrikoek gero eta telekomunikazio-behar handiagoak dituzte, beren sareetako eragiketak automatizatzeko. Hala ere, banaketa elektrikoko sarearen puntu bereziak ez dira kontuan hartu izaten operadoreen telekomunikazio-sareak hedatzeko planetan.

Enpresa elektrikoek beren zuntz optikozko sarea hedatu dute, beren aktibo elektrikoak (goi-tentsioko lineak eta kanalizazioak) oinarri hartuta, eta sare hori baliagarria izan daiteke 5G sarearen estaldura banaketa elektrikoko sarearen bidez zabaltzeko. Eredu horrek ekonomikoki bideragarriagoa egiten du hiri-eremu ez direnetan 5G-aren estaldura handitzea.

Gune hauetan aprobetxa daiteke 5G teknologia:

  • Azpiestazio elektrikoetako eta transformazio-zentroetako ekipamendu elektrikoen urrutiko kontrola, sare elektrikoa modu zentralizatuan erabili ahal izateko.
  • Linea elektrikoaren urrutiko babesa, linea baten mutur batetik bestera akats bat gertatu dela transmititzeko, eta linea modu eraginkorrean isolatu ahal izateko.
  • 5G-ari esker sortuko diren aplikazio berriak.

Horrelako zentroetan ezarriko diren telekomunikazioek fidagarritasun handia behar dute eta latentzia kontrolatu behar dute (100 ms-tik behera eta, zerbitzu espezializatuenetan, 10 ms-tik behera), zerbitzu kritiko hauek eman ahal izateko:

  • Azpiestazio elektrikoetan (AE): hirigune handietatik urrun egoten dira askotan, landa-eremuetan.
  • Transformazio-zentroetan (TZ): hiri-inguruneetan dauden eremu konfinatuak, lur gainekoak nahiz lur azpikoak izan daitezke.

Zerbitzu elektriko horien latentzia-, eskuragarritasun-, erresilientzia- eta zibersegurtasun-baldintzak bete ahal izateko, zerbitzuaren lehentasun-, kontrol- eta kudeaketa-mekanismoak ezarri behar dira, eta horiek ez daude eskuragarri egungo sare mugikorretan.
Erabilera-kasu honek, enpresa elektrikoentzat ez ezik, beste erabiltzaile batzuentzat ere balio du. Esate baterako, eredu hori bera erabil dezakete beste enpresa batzuek, baldin eta operadoreen sare publikoek lortu ez duten 5G estaldura garatzea behar badute. Halaber, aztertuko dute zer aukera eskaintzen dituen 5G-ak interes pribatuak bultzatuta hedatutako 5G-a beste erabiltzaile batzuek baliatu ahal izateko.

Deskribapen teknikoa

  • Sektore elektrikoa, azpiegituraren gaitzaile gisa, 5G estaldura hedatzea erraztuz.

Kokapena

  • Zamudioko Teknologia Parkea

Maiztasun-bandak

  • 3,6-3,8 GHz

5G gaitasun testatua

  • eMBB, uRLLC, mMTC, MEC

Erabilitako 5G sareko elementuak

  • 4G/5G Orange irrati-sarea
  • Core host Orange
  • Core OMV Euskaltel
  • QCEll

5G sarearen arkitektura

  • NSA
  • SA

Eragile bakoitzaren rola

  • Iberdrola: Eskakizunak definitzea, landa-zabalpena eta baliozkotze-probak egitea
  • Orange: Soluzioaren diseinua eta zerbitzuen konfigurazioa